Cabrerak Arte-Irakaskuntzen Kontseilu Nagusiaren Udalbatza presiditu du
Hezkuntza, Gizarte-Politika eta Kirol Ministroak, Mercedes Cabrerak, Arte-Irakaskuntzen Kontseilu Nagusiaren Udalbatza presiditu du, eta bertan, goi-mailako arte-irakaskuntzen antolamendua ezartzen duen Errege-Dekretu proiektuaren berritasun nagusien berri eman du. Testuak ezartzen du goi-mailako arte-irakaskuntzak guztiz integratu behar direla Goi-Hezkuntzako Europar Eremuan.
Errege-Dekretu proiektuaren berritasunik azpimarragarrienen artean zera dago, irakaskuntzak Gradu eta Graduondokoen europar esparruaren hitzarmenaren arabera egituratzea. Horrela, goi-mailako arte-irakaskuntzetako graduatuek masterrak (unibertsitatekoen baliokideak zentzu guztietan) eta Doktoretzak (unibertsitateekin hitzartuta antolatuak) ikasteko aukera izango lukete.
Europar Mugikortasuna
Halaber, datorren ikasturtetik aurrera goi-mailako arte-irakaskuntzetako eta arte plastiko eta diseinuko goi-mailako heziketa zikloetako ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko, ministroak zera jakinarazi du: ikasle horien artean Erasmus bekak sustatzeko informazio eta laguntza Unitate berezi bat sortuko dela, Europako Programen Erakunde Autonomoarekin (OAPEE) eta Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren barneko Koordinaziorako Batzorde Iraunkor batekin elkarlanean.
Mugikortasuna sustatzeko ildo horretatik, Errege-Dekretu proiektuak ECTS (European Credit Transfer System) kredituen onespen, transferentzia eta metaketarako Europako sisteman sartzen ditu arte-irakaskuntzak ere. Kreditu horiek ikasketa-planetan ezarritako helburuak lortzeko ikasleek egindako lan bolumena eta ikasitakoaren emaitzak nuertzeko unitateak dira eta ikasleak ikasteko duen motibazioa eta jarritako ahaleginari balioa ematen die. Era berean, Europako kredituek hezkuntza-sistema ezberdinak erraz ulertu eta konparatzeko tresnak ematen dizkigute, egindako ikasketen onarpena eta ikasle nazionalen zein nazioartekoen mugikortasuna erraztuz.
Halaber, nazioarteko mugikortasun hori sustatzeko asmoz, Errege-Dekretu proiektuak Tituluaren Europar Gehigarriaren banaketa arautzen du. Dokumentu horrek ikasleen mugikortasuna errazten du eta tituludun bakoitzak burututako ikasketen eta lortutako emaitzen gaineko informazio bateratua eta pertsonalizatua dauka, eta gainera, tituluak goi-mailako hekzuntza nazionalean duen maila ere adierazten du.
Errege-Dekretu proiektuak ikerketa-programen sustapena ere kontuan hartzen du, goi-mailako arte-irakaskuntza zentroetan, berezkoak dituzten alorretan.
Arte-irakaskuntzen aldeko apustua
Erreforma hau Hezkuntzaren Lege Organikoaren arabera egin da. Lege horrek goi-mailako irakaskuntzak ondokoak direla ezartzen du: unibertsitate-ikasketak, goi-mailako ikasketa artistikoak, goi-mailako lanbide heziketa, arte plastiko eta diseinuko goi-mailako lanbide-ikasketak eta goi-mailako kirol ikasketak
Proiektu hau Espainian arte-irakaskuntzak sustatzeko aurrera eraman diren politiken barruan sartzen da. Politika horiek aurreko legealdian hasi ziren arte-irakaskuntza profesionalaren erreformarekin eta Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren Batxilergo berriaren sorkuntzarekin.
Goi-mailako arte-irakaskuntzatzat ondokoak hartzen dira: goi-mailako musika eta dantza irakaskuntzak, arte dramatiko irakaskuntzak, kultura-ondasunen kontserbazio eta berriztapen irakaskuntzak, goi-mailako arte diseinu irakaskuntzak eta goi-mailako arte plastiko irakaskuntzak, azken horien barruan sartzen dira goi-mailako keramika irakaskuntzak eta goi-mailako beira irakaskuntzak.
Arte-irakaskuntzen Kontseilu Nagusia Hezkuntzaren Lege Organikoak ezarritako Estatuaren kontsultarako organo bat da. Bere helburua goi-mailako arte-irakaskuntza ezberdinen oinarrizko edukiak diseinatzea eta definitzea da. Kontseiluan ordezkatuta daude Administrazioak, irakasleak, arte-irakaskuntza ezberdinen goi-mailako zentroak eta ikasleak, eta baita, ospe handidun 10 pertsona ere.
© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa