Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa - Espainiako Gobernua

Prentsa-oharra

Ikasturtearen hasieraren inguruko txostena

2009ko irailaren 04a

Ministro kontseiluak Hezkuntza Ministroaren Txosten bat jaso du, 2009-2010eko ikasturteko berriak eta alderdi nabarmenenak islatzen dituena. Ikasturte hau Hezkuntzaren Lege Organikoa ikastaro guzti-guztietan ezartzen den lehena da.

Berri nagusiak hurrengoak dira:

  • Ikasle, irakasle, zentro eta finantzaketaren gorakada. Aipatzekoa da 2009-2010eko ikasturte hau 7,6 milioi gazte gehiagok hasi dutela, hau da, aurrekoa baino %2,6 gehiagok.
  • Irakasteko eta ikasteko teknologia berriak eta metodo pedagogiko berriak behin betiko erabiltzen hastea. Ikasturte honetan Eskola 2.0 programa garatzeari ekin zaio jada; helburua lau urte barru (2009tik 2012ra) lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta bigarren hezkuntzako 1. eta 2. mailetako irakasle eta ikasleek ordenagailu eramangarri bana izan dezatela lortzea da, baita ikasmaterial elektronikoak izatea eta ikasgela guztiz digitalizatuetan ikastea ere. Iraileko hilabete honetan bertan 7.100 ikasle baino gehiagok parte hartzen dute programa honetan eta, ikasturtean zehar, 14.400 ikasgelako 392.000 gazte izango dira.
  • Beka hobeak gazte gehiagorentzako: atal honetako aurrekontua 1.454 milioi eurokoa da, iaz baino 187 gehiago. Guztira, 1,68 milioi ikaslerentzako izango da diru kopuru hori, aurreko urtean baino 80.000 gehiago. Beken modalitateetako berri nagusia zera da, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programen bigarren urtean dauden ikasleen artean behar bezalako emaitza akademikoak lortzen dituztenentzako mantentze atala sortzea. 1.350 eurokoa izan liteke eta bi epetan ordainduko da. Bigarren epea bigarren ebaluazioaren ostean ordainduko da, betiere tutoreak ikasleak behar bezalako emaitza akademikoak lortu dituela iritzi eta hala egiaztatzen badu
  • Hezkuntzan egiten ari den inbertsio publikoak gorako bidean jarraitzen du. 2009an BPGaren %4,95 izan da, hau da, inbertsio publikoak 15.000 milioi euro egin du gora 2004. urteaz geroztik.
  • Bertan esku hartzen duten guztiei gehiago eskatzen dien sistema da hau. Hezkuntza-administrazioek eta arduradun politikoek ikasleei arrakasta lortzeko aukera gehiago eman behar diete. Irakasleei prestakuntza handiagoa eskatzen zaie, datorren urrian hasiko den bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendutako master berria egin beharko baitute. Eta, jakina, ikasleei ere bai, norbere erantzukizuna eta ahalegina sustatzen dituen sistema dela medio.
  • Ahalegina egitearen kultura hau sistemaren ebaluazioaren kulturan islatzen da. Pasa den ikasturtean lehenengoz egin zen lehen hezkuntzan diagnostikoko ebaluazio orokorra hainbat irakasgaitan, hala nola matematika, irakurketa, espainiera eta zientzietan. Ikasturte honetan egingo da, lehenengoz, ebaluazio berbera DBHko bigarren mailan.
  • Lana aurkitzea erraztuko duten ekimen gehiago izango dituen hezkuntza sistema da hau. Besteak beste, ekimen hauek sustatuko dira. Lanbide Heziketaren erreforma, lanbide-gaitasunak zehazteko prozeduraren garapena; prestakuntza-ibilbideen inguruko informazioa hobetzeko lanbide-orientaziorako ataria sortzea; Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak finkatzea; Lanbide Heziketako Tituluen Katalogoa eguneratzea eta urrutiko lanbide heziketako plataforma sortzea
  • Ikasturte honetan, Educa3 Plana ezartzen jarraituko da 0 eta 3 urte bitarteko haur hezkuntza bultzatzeko. Halaber, 3 eta 6 urte bitartekoen zikloa finantzatzeari ekingo zaio, adin horretako ume guztiek doako tokia izan dezaten ikastetxe publikoetan.
  • Ikasturte honetako berri nagusienetariko beste bat Unibertsitatera sartzeko eredu berria da. Batxilergoa bukatzen duen ikasleriak proba berria egin beharko du. Proba honek bi fase ditu, orokorra ikasle guztientzat eta berariazko beste bat nota hobea lortu nahi dutenentzat. Sarrera-proba berri honen helburua heldutasun akademikoa modu objektiboagoan balioestea da, ahalegina egitea aintzat hartzea, alegia, gehiago ikasten duenari bere nota hobetzeko aukera ematen dion heinean.
  • Goi mailako arte-irakaskuntza nagusien modernizazioa ere aipatzekoa da. Curriculum berriak Goi-Hezkuntzako Europar Eremuko irizpideen araberakoak izango dira, hortaz, ECTS kredituak eta egitura ziklikoa izango dute. Hori ez ezik, goi-hezkuntzako erakundeen arteko tituludunen mugikortasunaz gain bere tituluak aintzat hartzea ere erraztuko duen prestakuntza osagarria hartuko du barne.


Ceuta eta Melilla

Proiektu berriak gutxika-gutxika martxan jartzeak, esate baterako Eskola 2.0., bi hiri autonomoetako ikastetxeetan baliabide material gehiago egotea ekarriko du. Hori horrela, diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek ordenagailuak izango dituzte.

Halaber, irakasle eta orientatzaileen zein haur-hezkuntzako tokien kopurua areagotuko da hiri bietan.

 

© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa

W3C/WAI A bikoitza logotipoa (WCAG 1.0) Dokumentu hau XHTML 1.0 Strict baliozkoa da CSS dokumentu hau baliozkoa da Technositeren WCAG-WAI A Bikoitza Ikuskapen Zigilua RSS titularrak eskuragarri