Deialdiaren lehen faseko alegazioen epea amaitu da
Batzorde teknikoak, zenbait unibertsitatek koordinatutako eta "Nazioarteko Bikaintasunaren Campusa" (CEI-2009) (A azpiprograma) izeneko diru-laguntzen deialdian aurkeztutako campusetan biltzera zuzendutako proiektu estrategikoak ebaluatu ditu. Honenbestez amaitu du pasa den urriaren 1ean argitaratutako deialdiaren lehen fasearen behin-behineko ebazpenaren inguruko alegazioen berrikuspena.
Azkenik, deialdiaren arabera, 17 unibertsitate publikoren koordinaziopean egongo diren 15 proiektu onartuko dira bigarren faserako. Proiektu hauetan ondorengo guztiek hartuko dute parte: Espainiako goi-mailako hezkuntzako 22 erakunde, beste erakunde batzuk, I+G zentroak eta ikerketarako erakunde publikoak -CSIC eta CIEMAT, besteak beste-, baita zenbait ospitale, enpresa, zientzia- eta teknologia-parke eta zentro teknologiko ere.
Gainera, hiru unibertsitate pribaturen proiektuek ere deialdiaren bigarren fasean hartuko dute parte, nahiz eta esleitzeko ahalmena ez izateagatik finantzaketarik jasoteko aukera izango ez duten.
CEI 2009 proiektuen Koordinatzaile diren unibertsitate publikoek hiru milioi euro jasoko dute guztira deialdiaren bigarren faserako prestatu ahal izateko. Fase honetan, CEI proiektu bakoitzaren Plan estrategikoak nazioarteko 9 adituz osatutako batzorde baten aurrean publikoki aurkeztuko dira.
Nazioarteko batzordeak asmo handikoenak eta bideragarrienak diren proiektuak hautatuko ditu, Gobernuak autonomia erkidegoei emango dizkien kredituen bidez finantzatzeko.
Nazioarteko Bikaintasunaren Campusaren deialdiaren bigarren fasean Nazioarteko Batzordearen aurrean aurkeztuko diren proiektuak honako hauek dira:
1. Hegoaldeko Kataluniako Nazioarteko Bikaintasunaren Campusa:
Koordinatzailea: Rovira i Virgili Unibertsitatea.
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Ikerketa Institutuak, Zientzia- eta Teknologia-parkeak eta Arloko Zentro Teknologikoak.
Proiektuak eskualdearen errealitate sozioekonomikoaren araberako lehentasunezko eremuak identifikatu eta haietan espezializatzeko (kimika eta energia, arkeologia, enologia, turismoa eta aisia eta elikadura eta osasuna) apustua egiten du. Honek irakaskuntzaren eta ikerketaren espezializazioan ere badu eraginik, graduetatik graduondoko ikasketetaraino, baita Generalitatearen instituetarako politikaraino eta parke-sareraino ere. Hauek guztiak espezializazio politika horren araberakoak izango dira betiere.
2. Nekazaritzako Elikagaien Bikaintasunaren Campusa (CEI – A3):
Koordinatzailea: Kordobako Unibertsitatea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Almeríako Unibertsitatea, Huelvako Unibertsitatea, Cadizeko Unibertsitatea eta Jaeneko Unibertsitatea
Proposatutako campusa Andaluziako bost unibertsitatetako aliantza estrategikoan datza. Hauek gai honen inguruan bilduko dira: nekazaritzako elikadura, ekonomiaren eragile nagusienetakoa (Andaluziako BPGren %7-8) eta erkidegoaren nortasun sozial eta kulturalaren ezaugarrietako bat dena. Campusak elikagaien ekoizpena sartzen du (mahastizaintza eta ardogintza barne), bai animalien jatorrikoa (abeltzaintza, arrain-hazkuntza), bai landareen jatorrikoa (Huelva, Cádiz eta Almeríako laborantza intentsiboetakoa zein Jaén eta Kordobako laborantza estentsiboetakoa). 5 zentro teknologikoren, 5 parkeren, fundazioen, enpresen eta Andaluziako Juntaren babesa du.
3. Kantabriako Nazioarteko Campusa:
Koordinatzailea: Kantabriako Unibertsitatea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatea, Marqués de Valdecilla Ospitalea, CSIC, Santanderreko Portua eta Kantabriako Gobernua
Unibertsitatekoa ez ezik, eskualde mailako proiektua ere bada, Kantabriako Parlamentuaren laguntza duena. Unibertsitatearen inguruan eraikitako erabateko Campus ereduak Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatearen (UIMP) lankidetza oso lagungarri du, baita beste hainbat zentro eta erakunderen parte-hartzea ere. Proposamenak bi ardatz ditu: Ezagutza, garapenaren eragile gisa, eta Unibertsitatea, helburu hori lortzeko bideratzaile gisa. Gainera, proposamen honek funtsezko bost kontzepturen alde egitea dakar: Campusa, bikaintasuna, nazioartekotasuna, ezagutza eta talentua, proposameneko eremu, arlo eta plan guztietan zeharka ezartzen direnak.
4. Nazioarteko UPF-Icaria Campusa:
Koordinatzailea: Pompeu Fabra Unibertsitatea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Bartzelona GSE, 22@barcelona udal-erakundea, PRBB, CRG, CREI
Proposamenaren alde onenetarikoen artean hauek ditugu: Campusaren nazioartekotasunari eta bere jarduerei emandako arreta estrategikoa, jarduera horien bikaintasuna eta kalitatea eta, azkenik, hiriko ingurunearekiko eta herritarrekiko harremana zein estatuko eta nazioarteko beste sare batzuekiko harremana. Alderdi nabarmenen artean hauek aipa ditzakegu: nazioarteko irakasleak eta irakaskuntza-eskaintza izateko aukera, ikasleak erakartzeko gaitasuna, ikasleen mugikortasuna, ikerketaren izaera nazioartekoa, arlo honetako sare eta taldeak, Unibertsitatearen aliantza instituzionalak, komunikazio programa eta diru-funtsak biltzeko gaitasuna.
5. Moncloako Unibertsitate-hiria: Bikaintasunaren Campusa Madrilen:
Koordinatzailea: Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, CSIC, CIEMAT eta Ospitale Klinikoa
CEI-MONCLOAren proposamenak honako xede hauek ditu: Moncloa Unibertsitate-hiria erabat zaharberritzea, Zientzia- eta Unibertsitate-Campus gisa nazioarte mailan ezagutaraztea eta parte hartzen duten irakaskuntzako eta ikerketako erakundeen arteko (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa eta Konplutentsea) lankidetzari bultzada ematea. Proposamen hau berezko nortasuna duen campusa berritzearen eta iraunkorrago bihurtzearen aldekoa da. Izan ere, Madrilgo unibertsitate- eta hiri-mailako zaharberritze prozesuen erreferentziazko proiektu bilaka daiteke.
6. XVII. mendetik XXI. mendera: Etorkizunerantz Gure Tradizioa proiektatuz:
Koordinatzailea: Oviedoko Unibertsitatea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Asturiasko Unibertsitate-Ospitale Zentrala, Xixongo Zientzia- eta Teknologia-Parkea eta Ciudad Oviedo Enpresa Mintegia
CEI proposamenak Oviedoko Unibertsitatearen eskarmentua XXI. mendean ezartzea du helburu, eskualde zein estatu mailan ikerketaren eta transferentziaren alorretan lidergoa lortzeko eta nazioarte mailan ere oihartzuna izateko. Ildo berean, Autonomia Erkidegoaren beraren ekoizpen aldaketaren buru izatea du xede. Halaber, tokian tokiko bere eragina eta espezializazio arlo jakinak nabarmenduz, Unibertsitatearen nortasuna eta berezitasuna indartu nahi da.
7. Montegancedo Campusa: Berrikuntza Teknologikora Zuzendutako CEI:
Koordinatzailea: Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Ikerketa-zentroak eta Enpresa-Zentroa
Montegancedo Campusaren Plan Estrategikoak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak (UPM) Pozuelo de Alarcóngo Zientzia- eta Teknologia-Parkean duen campus gaztean du eragina. Berrikuntza teknologikora zuzenduta dagoen plan honek oso argi identifikatzen ditu egin beharreko jarduerak. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak, kokaleku hainbatetan ikasketa-zentroak dituelarik, Montegancedo campusa hartu du bere proiektuaren bandera-ontzitzat etorkizunean Teknologia eta Management Campus gisa erakargune nagusi bihurtzeko.
8. Carlos III Campusa:
Koordinatzailea: Madrilgo Carlos III Unibertsitatea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Getafeko Ospitalea, Zientzia-Parkea eta Enpresa berritzaileak (EADS-CASA)
Madrilgo Erkidegoan kokatutako hiriarteko campus jasangarriaren eredua proposatzen du. Bertan, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia jarduerak zein nazioarteko bikaintasuneko unibertsitate-irakaskuntza jarduerak egiten dira, Gizarte-zientzien, Ingeniaritzaren, Oinarrizko Zientzien eta Giza zientzien arloetan Europako mailan hoberenen artean izan dadin. Proposamen hau Madrilgo Erkidegoaren erdi-erdian dagoen ezagutzaren ardatz gisa har daiteke. Bere gune nagusiak Getafeko eta Leganésko gaur egungo campusak dira eta hauetatik hasita, Zientzia-Parkea, Getafeko Unibertsitate-Ospitalea eta EADS-CASA bezala berrikuntzan lider diren enpresak barne hartuz zabaltzen da.
9. Granadako Nazioarteko Bikaintasunaren Campusa:
Koordinatzailea: Granadako Unibertsitatea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Granadako Ospitalea, Osasun-zientzietako Teknologia-Parkea eta Ikerketa Institutuak
Granadako Unibertsitatea lau ardatz nagusitan banatzen da: 1.- Bio-Osasuna, 2.- Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, 3.- Lurraren Sistema, 4.- Ondarea eta Kultura. Bere CEI proposamenean, nazioarte mailan eduki nahi duen oihartzuna lortzeko lehen bi ardatz estrategikoen alde egitea erabaki du. Bi ardatz hauetan dagoeneko ahalmen handia du unibertsitateak, azken urteotan teknologian oinarritutako 22 enpresa sortzeko gai izan baita.
10. UAB CEI: Ezagutzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua
Koordinatzailea: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Parc de Reçerca (UAB-CSIC-IRTA) zentroen integrazioa
UABk etorkizunean asko luzatuko den proiektua aurkeztu du (2020ra arte). Indarreko plan estrategikoan oinarrituta dagoelarik, funtsezko piezetako bat Plan de Reçerca UAB (PRUAB) deritzona da. Plan honen barruan, osatzen duten 25 ikerketa institutuak koordinatzeko ahalegin handia egiten ari da. Aurrekari hauekin, elkar lotuta dauden eta, zalantzarik gabe, gerora are lotuago egongo diren bi alorren alde egiten du: 1.- Lehentasunezko lerro estrategiko gisa nanoteknologiaren aldeko apustu sendoa. 2.- Bikaintasunaren bigarren eremua biomedikuntza eta bioteknologiaren lerro estrategikoa areagotzera zuzenduta dago.
11. VIDA Campusa:
Koordinatzailea: Santiagoko Unibertsitatea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: CSIC, Fundación Galega Medicina Xenómica, CIEMAT, Santiagoko Ospitalea eta Empresas BIO
Santiagoko Unibertsitatea Bizitzaren Zientzia eta Teknologietan ikerketa sakona egitearen aldekoa da. Unibertsitateko Ospitale Zentroarekin, Fundación Pública Galega de Medicina Xenómica fundazioarekin eta CSIC zentroarekin lankidetzan ari da. CESGA zentroan parte hartzeaz gain, Bizitzaren Zientzia eta Teknologien arloko ekimen bateratuen eta hainbat enpresarekin bideratutako lankidetzaren alde egiten du. Xede estrategikoak nazioartekotasuna areagotzea, Red de Centros Singulares deritzon sarea finkatzea eta proiektu estrategikoetan parte-hartzea handitzea dira.
12. UAM-CSIC Nazioarteko Bikaintasunaren Campusa:
Koordinatzailea: Madrilgo Unibertsitate Autonomoa.
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: UAM-CSIC zentro mistoak, Madrilgo Zientzia-Parkea, CSIC
UAM unibertsitateak ikerketa jarduerak gauzatzeko duen gaitasun handia eta inguruko CSIC Institutu Zentroak bateratzea proposatzen du. Lau arlotan espezializatzea du helburu; Materialen arloan, bereziki, dagoeneko abiapuntu aparta du. Gainera, Planak Campusa birmoldatu eta unibertsitate-hiri bihurtuko duen gizarte eredu erebatekoa ezartzen du. Hala, unibertsitate-hiria hiri-inguruaren eta inguru naturalaren eskura egongo litzateke, modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz, bizi-kalitate ona eskainiz eta, aldi berean, gizartearekiko konpromisoa mantenduz. Campus Didaktikoaren kontzeptua ere garatzen du, Madrilgo ekosistemen lorategiaren eta Arroka eta mineralen museoaren kasu. Ondorioz, Campusaren natura-eremuen hobekuntza proposatzeaz gain, irakaskuntzarako haiek duten balioa ere nabarmendu egiten da.
13. Sevillako Unibertsitatea, Nazioarteko Bikaintasunaren Campusa:
Koordinatzailea: Sevillako Unibertsitatea
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Campus ingurunearen integrazioa, CSIC, Oinarri teknologikoa duten enpresak, Teknologiaren transferentzia zentroa eta Enpresen inkubagailu zentroak
Proposamenak CSIC zentroarekin eta ikerketaren eta berrikuntzaren alorretako beste erakunde batzuekin dagoeneko badauden aliantza estrategikoak sendotzea dakar. Gizartearekiko jarrera Unibertsitatearen ondare arkitektonikoaren, artistikoaren edo bibliografikoaren balioaren arabera garatzen du. Eraikin berezienetako batzuk birmoldatzeko eta azpiegitura telematikoak bideratzeko proposamena hartzen du barne. Erabilerraztasuna eta iraunkortasuna hobetzeko ekintzak proposatzen ditu. Bertako hiri-inguruarekin eta Udalerriarekin elkar eragiteko neurriak proposatzen ditu. Halaber, Campus barneko bizigarritasuna sustatzeko, kulturaren eta unibertsitate-bizitzaren dimentsio sozialaren eremuetan jarduera berebizikoak aurrera eraman nahi ditu.
14. Proiektu bateratua. La Diagonaleko Portal del Coneixement Campusa / Ingeniaritzaren, Arkitekturaren eta Zientzien UPC - BCN Tech Campusa:
Proiektu bateratuaren unibertsitate koordinatzaileak: Bartzelonako Unibertsitatea / Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: CSIC, Bartzelonako Zientzia-Parkea, Jaume Almera Institutua (CSIC), Zerbitzu zientifiko eta teknikoak eta zientzia-instalazio handiak, Sant Joan de Déu Ospitalea, Zentro Teknologikoak (CTM, CTTC), Ikerketa-Zentroak, Zientzia- eta Teknologia-Parkeak eta Enpresak
Proiektu honek, Bartzelonako Unibertsitateak eta Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoak aurkeztutako proposamenak batera eta, halaber, modu independentean hartzen ditu bere gain.
Bere helburua La Diagonaleko Portal del Coneixement Campusa Espainiako eta Europako hegoaldeko zientzia- eta teknologia-zentro erreferentziazkoa bihurtzea da. Gehienbat Goi-Hezkuntzako Europar Eremuan integratuta dagoen bikaintasunaren irakaskuntza baliatu nahi da, baita Campusaren zientzia- eta teknologia-maila altua ere, nazioarteko talentuak ahalik eta gehien erakartzeko. Hainbat zentro eta eragileren lankidetza du, hala nola UB, UPC eta CSIC; Bartzelonako Udala eta Kataluniako Generalitatea, azken honen kasuan, bere ikerketa-zentroen bidez; eta, azkenik, gizartea eta enpresak.
15. Proiektu bateratua. Naunova. Osasunerako eta Iraunkortasunerako Zientzia / Berrikuntzaren eta Ikerketaren Hiri Politeknikoa:
Proiektu bateratuaren unibertsitate koordinatzaileak: Valentziako Unibertsitatea / Valentziako Unibertsitate Politeknikoa
Parte hartzen duten beste erakunde batzuk: Ospitaleak, Ikerketarako erakunde publikoak (CIEMAT, CSIC), Zientzia- eta Teknologia-Parkeak, I+G Zentroak, Zentro Teknologikoak, Azpiegitura Handiak eta Berrikuntzaren Hiri Politeknikoa, besteak beste.
Proiektu honek, Valentziako Unibertsitateak (Osasun- eta Iraunkortasun-Zientziak) eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoak aurkeztutako proposamenak batera eta, aldi berean, modu independentean hartzen ditu bere gain.
Proiektu hau egiteak ikerketaren kalitatea hobetu eta campusaren proiektua nazioarte mailan ezagutarazten laguntzeaz gain, unibertsitateko prestakuntza hobea ematen ere lagunduko du. Maila altuko prestakuntza doktorego ikasketeta-zentroekin eta nazioarteko graduondoko ikasketa-zentroekin sustatzen du.
Bestalde, proposamen honek nazioarteko izen ona duten bi unibertsitatek osatutako bikaintasun zentroa izan nahi du, Valentziako Erkidegoaren eta munduko beste edozein eskualderen arteko zubia izango dena.
Unibertsitate pribatuak
Hiru unibertsitate pribaturen plan estrategikoek ere lehen fasea gainditu dutenez, nazioarteko ospe handiko adituez osatutako batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu. Proiektuok hurrengo hauek dira:
1. Deusto Campus Mundus 2015:
Koordinatzailea: Deustuko Elizaren Unibertsitatea
Proiektu honen egituraren ardatza zera da, prestakuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta lan- eta enpresa-jardueren inguruko politika erabatekoa.
2. Aristós: bikaintasunerako grina:
Koordinatzailea: Universitat Ramon Llull
Proiektuak proposatzen duena prestakuntzaren eta lan- eta enpresa-jardueren arloetan erabateko politika sustatzea da. Horretarako, izen oneko erakundeekin duen harreman ona baliatuz ikasleen, ikertzaileen eta irakasleen nazioarteko maila areagotzea proposatzen du. Bestalde, proposamenak nazioarteko erreferentziazko zentro bat barne hartzen du (ESADE), enpresa kopuru handia sortzeaz gain, Europako hainbat proiektuetan ere parte hartzen duena.
3. Nafarroako Unibertsitatea 2015erako aurreikuspena:
Koordinatzailea: Nafarroako Unibertsitatea
Proposamenak Nafarroako Unibertsitateari lotutako erakunde guztiak barne hartzen ditu, hala nola Nafarroako Unibertsitate Klinika, Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa-Zentroa eta Farmakobiologia Aplikatuaren Ikerketa-Zentroa. Gainera, Enpresaren Goi-mailako Hezkuntza Institutuaren (IESE) eta Enpresen Administrazioa Graduondokoaren Madrilgo eta Bartzelonako campusen laguntza du. Bestalde, proposamenaren arabera, proiektuaren ikerketa eta emaitzen transferentzia Nafarroako Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Institutuaren bidez egingo litzateke. Amaitzeko, Fundación Empresa - Universidad de Navarra fundazioak eta Nafarroako Zientzia- eta Teknologia-Parkeak ere proiektuan parte hartuko luketela nabarmentzekoa da.
© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa