Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa - Espainiako Gobernua

Prentsa-oharra

"Préstamos Renta Universidad" programarako 75 milioi euroko finantzaketa onetsi dute

2009ko azaroaren 27a

Ministro Kontseilua

  • Kreditua 75 milioi euro gehiagorekin hornitzeko aukera egongo da
  • Deialdi honetan laguntzak doktoretza-ikastaroetara luzatuko lirateke
  • Laguntzak eskatzeko aukera dago jadanik Hezkuntza Ministerioaren web orrian

 

Kreditu Ofizialeko Institutuari eta Hezkuntza Ministerioari "Préstamos Renta Universidad" programa kudeatzeko lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena emango dien hitzarmena onartu du Ministro Kontseiluak, Hezkuntza Ministerioaren proposamenari jarraiki.

Horrez gain, hitzarmen honetan 2009/2010 ikasturterako programaren finantzaketara zuzenduko den zenbatekoa onartu dute: 75 milioi euroko diru-laguntza, beste 75 milioi euro gehiagorekin hornitzeko aukerarekin.

Deialdia jada irekita dago eta laguntzak 2010eko maiatzaren 30era arte eskatu ahal izango dira Hezkuntza Ministerioaren www.educacion.gob.es web orriaren bidez.

"Préstamos Renta Universidad" programaren xedea Goi-Hezkuntzako Europar Eremua osatzen duten 46 herrialdeetako batean, Estatu Batuetan edo Kanadan master bat ikasi nahi dutenei maileguak ematea da.

Gainera, aurtengo deialdiak berrikuntza garrantzitsu bat dakar, zeren laguntza hauek doktoretza-ikastaroak egin nahi dituztenei ere luzatuko baitzaizkie.

"Préstamo renta" edo errentako mailegu hori %0ko interesarekin, gehienez 13 urtera itzultzeko aukerarekin eta gabezialdiko lehen hiru urterekin emango da. Maileguaren guztizko kopurua 28.800 eurokoa izan daiteke Espainian egin beharreko masterren kasuan eta 34.800ekoa atzerrian egindakoen kasuan, baldin eta masterrak 120 ECTS kreditu badituen.

Hona hemen errentako mailegu bat eskuratzeko bete beharreko baldintza nagusiak:

  • Espainiako edo Europar Batasuneko herrialde kide bateko herritartasuna izatea eta eskabide-data aurretik lau urtez Espainian bizi izana.
  • Masterrerako, doktoretza-ikasketen ikerketa faserako edo atzerriko titulazio baliokideetan sartzeko titulua edukitzea eta berorri lortzeko azken ikasgaia edo baldintza 1998ko urtarrilaren 1ean gainditua izatea.
  • Goi-Hezkuntzako Europar Eremuko herrialdeetan matrikula eginez gero, ikasketa horiek Goi-Hezkuntzako Europar Eremuko irizpide arautzaileen arabera egituratuta, Europako ECTS kredituetan antolatuta eta titulu ofizial gisa onartuta egon beharko dira. Estatu Batuen eta Kanadaren kasuan, nahitaezkoa izango da ikasketa horiek Goi-Hezkuntzako Europar Eremuko ikasketen baliokideak diren master edo doktoretza tituluak igortzeko baimena daukaten zentroek soilik ematea, kredituetan egituratuta egoteaz gain.
  • Master ofizialetako ikasketak egingo dituztenek bete beharrekoak hauek dira:
    2009-2010 ikasturtean unibertsitateko master ikasketetako 30 ECTS kreditutan, gutxienez, matrikula eginda izatea edo behin betiko onartuen zerrendan egotea. Espainian egin beharreko ikasketen kasuan, gainera, unibertsitateko master ofizialetako tituluak lortzeko ikasketak izan beharko dira.
  • Doktoretza-ikasketak egiteko direnek ondoko baldintza hau bete beharko dute:
    Doktoretzaren ikerketa faseko ikasturte oso bateko matrikula eginda izatea edo behin betiko onartuen zerrendan egotea.

© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa

W3C/WAI A bikoitza logotipoa (WCAG 1.0) Dokumentu hau XHTML 1.0 Strict baliozkoa da CSS dokumentu hau baliozkoa da Technositeren WCAG-WAI A Bikoitza Ikuskapen Zigilua RSS titularrak eskuragarri