Ministro Kontseilua
Hezkuntza ministroak, Ángel Gabilondok, Hezkuntzaren Aldeko Itun Sozial eta Politikoaren inguruko txostena aurkeztu dio Ministro Kontseiluari.
Esandako dokumentuan orain arte emandako pausoak eta Ministroak dokumentua bideragarritzat jotzeko dituen arrazoiak zehazten dira.
Hainbat hilabetetan zehar egindako bilera eta elkarrizketen ondorioz, hezkuntza komunitatearen ordezkari diren hainbat sektorerekin, legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeekin zein gizartearen arlo ezberdinetako ordezkariekin, Hezkuntza ministroak Hezkuntzaren aldeko Itun Politiko eta Soziala bideragarria dela jakinarazi zuen pasa den abenduaren amaieran.
Itunaren beharra are nabariagoa da gaur egun, gure herrialdea krisi ekonomikoari aurre egiteaz gain ekonomia eta ekoizpen eredu berri baten bidez bere onera itzultzeko oinarriak ezartzen ari dela. Espainiako gizarteak hala egitea eskatzen du, eta erronka honi aurre egiteko batzen gaituena bilatzen saia gaitezen eta adostasunak eraikitzeko gai izan gaitezen nahi du.
Itunak helburu bikoitza dauka. Alde batetik, hezkuntza sistema hobetzea eta, beste batetik, oreka, egonkortasuna, lankidetza eta sistemaren koherentzia eremu komun baten bitartez bermatzen duten jarduketa alor partekatuak bilatzea.
Gizartearen eskakizunei begira, Gobernuko Presidenteak Itun hau lortzeko ahaleginei lehentasuna ematea proposatu zion Hezkuntza ministroari.
Hona hemen Hezkuntza ministroak Ituna bideragarritzat jotzeko dituen arrazoi batzuk:
1.-Lehendabizi, gizartearen kezkarik nagusietakoa da akordio hauek lortzea; hau da, beharrezkotzat jo ezezik haien alde egiten du erabat eta herri erakundeetako arduradunei ere horien alde egiteko eskatzen die. Gizarteak, bada, herri erakundeetako arduradunok eskakizun hori betetzeko gai izan gaitezen eskatzen du: Hezkuntza gure gizartearen etorkizunaren berme ezinbestekoa izan dadin egin beharreko akordioa da hau.
2.-Autonomia Erkidego guztietako Hezkuntza sailburuekin biltzeaz gain, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialarekin, Unibertsitateen Kontseiluarekin eta Unibertsitate-Politikaren Konferentzia Orokorrarekin bilerak egin dira. Hauetan guztietan, arduradun guztiek akordioak lortzeko asmo ona erakutsi dute. Hori ez ezik, hori lortzeko aukera badagoela uste dutela ere argi utzi dute.
Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren azken bileran Itun bati bide emateko balioko duen oinarrizko dokumentua aurkeztu zen, Autonomia Erkidegoek datorren urtarrilaren 27an egingo den konferentzia sektorialean testu bat osatzeko erabil daitezkeen proposamen eta neurriak ekartzeko aukera izan dezaten.
3.-Halaber, hezkuntza komunitateko hainbat sektoretako ordezkariekin izandako elkarrizketetan, hala nola sindikatuak, irakasleak, gurasoen ordezkariak edota ikasleen ordezkariak ere, Hezkuntza ministroak argi utzi du gure hezkuntza sistema hobetzeko neurriak zehaztearen alde lan egiteko asmoa duela. Horrezaz gain, akordio hau lortu ahal izateko lana gogotik egiteko eta ahalegin guztiak egiteko prest dagoela adierazi du.
4.-Era berean, legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiekin bilerak egin dira, haien argudioak entzuteko eta oharrak aintzat hartzeko, Espainiako herritar guztien aniztasuna ongi ordezkatuta egon dadin erabakigarriak diren heinean.
Ministerioak Itun hau lortzera zuzendutako jardueretan parte-hartze nabarmena dagoela egiaztatu ahal izan du, batzuek eta besteek berorri lortzeko beharraren jakitun diren seinale.
5.- Aldi berean, oposizioko talde nagusia den Alderdi Popularrarekin bilerak egiten ari dira. Bilera hauek hurrengo asteetan zehar luzatuko dira Ituna aplikatu beharreko eremua eta ekintza zehatzak ezartzera begira.
Hezkuntza ministroaren ustetan, prozesu hauek bete ondoren, hau da, hemendik bi hilabetera, Itunaren inguruko eduki zehatzez osatutako testua aurkezteko gai izango dira.
© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa