Ministro Kontseilua
Hezkuntza ministroak, Ángel Gabilondok, ondoko gai hauen inguruko txostenak aurkeztu dizkio Ministro Kontseiluari:
1. Espainiako hezkuntzaren diagnostikoaren inguruko txostena
2. Beka eta diru-laguntzen sistemaren inguruko txostena. Unibertsitate Behatokia
3. Europako goi-hezkuntzaren garrantzi sozialaren inguruko txostena
1. Espainiako hezkuntzaren diagnostikoa
Espainiako gizarteak hezkuntzaren alde egin du apustu azken 30 urteetan. Horren harira, ahalegin horri eustean datza etorkizuna Espainian.
Estatuko zein nazioarteko txostenek erakusten duten legez, azken hiru hamarkadetan helduen heziketa-mailaren bilakaera nabarmengarria izan da. Hona hemen hezkuntzaren arloan gauzatu ditugun lorpenik handienak: sistemaren unibertsalizazioa, familien parte-hartzea, doakotasuna 3 urtetik aurrera eta beken eta aukera-berdintasunaren sistema hobetzea, besteak beste.
Txostenak zehaztutakoari jarraiki, espainiarren prestakuntza 37 puntu hobea da orain eta Europako batezbestekoarekiko aldea erdira jaitsi da. Hobekuntza hau azken hamarkadan nabaritu da batez ere, epe horretan Espainiak 20 puntu hobetzea lortu baitu.
Honela, 2007ko datuen arabera, espainiarren erdiak baino gehiagok derrigorrezkoaren ondoko ikasketak burutzea lortu du eta espainiarren ikasleen ikas bizi-itxaropena 17 urtetik gorakoa da dagoeneko, ELGAko eta Europar Batasuneko herrialdeen datuaren parekoa.
Haur-hezkuntzan egindako aurrerapausoak bereziki esanguratsuak dira. 3 eta 6 urte bitartekoen eskolatzearen unibertsalizazio maila ia erabatekoa izan da 2006tik 2010era ia 3.400 milioi euroko inbertsioa egin eta gero, Espainiako Gobernuak eta Autonomia Erkidegoek batera finantzatutakoa.
Eskolatutako 0 eta 3 urte bitartekoen kopurua lau aldiz biderkatu da azken 10 urteetan.
Derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza 16 urte arte hedatu izana ere nabarmendu behar da, baita batxilergoan eta erdi mailako heziketa zikloetan graduatutakoen ehunekoa azken 10 urteetan 12 puntu igo izana ere. Hori dela eta, ELGAko herrialdeekiko aldeak behera egin du, 1995eko 15 puntutik 2007ko 9 puntura. Goi-hezkuntzan zenbatutako tituludunen kopuruak ere gora egin du nabarmen. Gainera, azken 30 urteetan Espainiako unibertsitateen bi heren sortu dira eta unibertsitateko ikasleen kopurua hirukoiztu da.
Aldi honetan ere, zera, Autonomia Erkidegoek hezkuntza-eskuduntzak bere gain hartu dituztenetik aurrera, administrazio guztien aldetik hezkuntza sistemari zuzendutako baliabide ekonomikoak ere asko hazi dira. 2009an jada BPGdaren %4,9ko ekarpena egin da eta, horri esker, ELGAko herrialdeen batezbestekoarekiko aldea kasu honetan ere nabarmenki gutxitu da.
Erronkak
Txostenak Espainiako hezkuntzaren erronkak ere finkatzen ditu. Horrela, lehentasunik handiena eman beharreko jarduketen artean, honako hauen alde egitea dago: 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza sustatzeko beharra, hizkuntzen ezaguera eta ikasleen irakurtzeko gaitasuna, LHren modernizazioa eta, batik bat, Europako datuekiko Erdi Mailako Lanbide Heziketako tituludunen aldea murriztea eta eskola-uztearen tasa gutxiagotzea.
Unibertsitateari dagokionez, erronkak unibertsitate ikasketen uzte goiztiarra saihesteko beharraren ingurukoak dira, batez ere karrerako lehen urtean, eta horrez gain, ikasle, irakasle eta ikertzaileen mugikortasuna sustatzeko beharraren ingurukoak baita ere. Halaber, internazionalizazio prozesua babestea eta gure unibertsitateen bikaintasunaren eta espezializazioaren alde egitea beharrezkoa da.
Txostenaren atal berezi bat irakasleei zuzendu zaie. Bertan adierazten den legez, Espainian datozen urteetan hainbat irakasle ordezkatu beharko da derrigorrezko bigarren hezkuntzan. Irakasleen hautapen-mekanismoetan eta irakasleen abiapuntuko prestakuntzan (bigarren hezkuntzako master berriari esker) egindako hobekuntzek hezkuntzan emaitza hobeak lortzen lagunduko dute modu erabakigarrian.
Ekimenak
Erronka hauei aurre egiteko ekimen sorta martxan jartzen ari da Espainiako Gobernua: haur-hezkuntzako arloan, Educa3 programaren bidez kalitatezko plaza publikoak sortzea; Lanbide Heziketaren arloan, erreforma prozesua egitea, titulu berriak sortzea eta esperientzia egiaztatzeko prozesuen modernizazioa dakarrena; eskola-uztearen arloan, hezkuntza kalitatea hobetzeko programak eta Eskola-uztearen aurkako plan bat martxan jartzea autonomia erkidego guztiekin batera, baita uzteko arrisku gehien duten kolektiboei bereziki zuzendutako bekak ematea ere.
Unibertsitate arloan, 2015. Unibertsitate Estrategiak gure unibertsitateak munduko hoberenen artean kokatzea du xede. Horretarako, Nazioarteko Bikaintasunaren Campus ekimena martxan jarri da, 2009an guztira 203 milioi euroko inbertsioa jaso duena. Hona hemen ekimen honen xedea:
Espainiako unibertsitatea modernoago eta nazioartekoago bihurtzea eta ezagutzan oinarritutako ekoizpen eredu jasangarria bideratzeko protagonista eta eragilea izan dadin lortzea. Horrez gain, eremu geografiko berean ezagutzaren sortzaile diren erakunde guztiak proiektu bakar batean bilduz bultzatu nahi da aldaketa hau: unibertsitateak, ikerketa-zentroak, parke teknologikoak, ospitaleak eta abar.
Goi-Hezkuntzako Europar Eremuaren arabera egokitzea gure unibertsitate sistemaren modernizazioaren beste alderdi bat da, unibertsitatean ikasteko zein irakasteko modu berriak baitakartza.
Ildo honetan, txostenak zera nabarmentzen du, 2009-2010 ikasturtean, karrerako lehen mailako ikasleen %50 EEESren arabera egokitutako ia 1.300 graduetako bat ikasten aritu dela jadanik.
2. Beka eta diru-laguntzen sistemaren inguruko txostena. Unibertsitate Behatokia
Beken politika Gobernu honen lehentasunetako bat da gizarte-politiken arloan, are gehiago gaur egungo krisialdian, gizartearekiko konpromiso handiagoa eta eraginkorragoa eskatzen duen heinean.
Ikuspegi politiko honek beka eta diru-laguntzei zuzendutako aurrekontuei bultzada irmoa ematea ekarri du, baita kudeaketa hobetzeko zenbait neurri ezartzea ere. Espainian bekak eskubidetzat hartzen dira 2005etik aurrera; horrexegatik bermatzen du legeak bekak eskuratzeko pertsona ororen aukera-berdintasuna lurralde osoan.
2004tik aurrera beka eta laguntzetara zuzendutako kredituak %70 areagotu dira; hori horrela, 2004an 821 milioi euro izan baziren, 2010ean 1.393 milioi euroko ekarpena izan dute.
2008-2009 ikasturtean zehar, beka eta diru-laguntzen onuradunak 1,6 milioi pertsona izan dira guztira. Ikasturte honetan, guztirako kopuru hori 1,68 milioikoa izatea espero da.
Horrela, bada, 2009-2010 ikasturterako, berdintasun eta eraginkortasun irizpideei jarraituz, zenbait hobekuntza egin da beken sisteman. Esate baterako, beka bat eskuratzeko eskatzen den gehieneko errenta maila %3,6 igo da aurreko urtearekiko. Lehen errenta atalasearen kasuan, bekadun batek jaso dezakeen kopurua 6.656 eurora irits daiteke. 2009-2010 ikasturtean, 38.831 euro arteko errenta duten lau kideko familietako unibertsitateko ikasle orok izango du beka bat eskuratzeko aukera.
Gainera, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako borondatezko moduluetan parte hartzen duten ikasleei zuzendutako mantentze beka sortu da. Ikasketak azkarregi uzteko arriskuan dauden ikasleentzako pentsatutako beka da. Hortaz, eskola-uzte goiztiarrari aurre egiteko neurria da. Graduetako ikasleentzat, soldata-beka modalitate berria diseinatu da, 2.800 euro emango dituena. Zenbateko horri tasak kentzeagatiko kopurua, materialerako beka, garraioa, bizilekua, eta abar gehitu behar zaizkio.
Era berean, ezintasunen bat duten unibertsitateko ikasleei zuzendutako beken eta diru-laguntzen inguruko berriak nabarmendu beharra dago: alde batetik, "matrikula murriztua" sortu da; horren bidez, %65eko ezintasuna onartuta duen ikasle batek beharrezko diren kredituen erdiagatik matrikulatu ahal izango da. Alderantziz, kreditu kopuru osoaren matrikula egingo balu, %50 igoko litzateke hark jaso beharreko bekaren zenbatekoa.
Aldi berean, prestakuntza hobetzeko nahia erakusten duten langabetuen birziklatze profesionalari laguntzeko ahaleginak egiten ari da Gobernua. Horretarako, Hezkuntza Ministerioak 70 milioi euroko ezohiko diru-ekarpena onartu zuen. Diru horrekin langabezian zeuden 25 eta 40 urte bitarteko guztiei unibertsitate publikoetan master ofizial bat egin zezaten matrikulen guztirakoa finantzatu zieten.
Gaur egun, Hezkuntza Ministerioa Goi-Hezkuntzako Europar Eremuari egokitutako beka eredu berria eratzeko lantzen ari da. Izan ere, mugikortasunari bultzada eman beharra dago, Erasmus edo Séneca bezalako programen bidez zein oraintsu sortutako beste programa batzuen bidez, unibertsitate errenta-maileguak, esaterako.
Beken eredu berria sortzeko bidean lagungarri izango da, baita ere, beken sistema goitik behera eta aldagai balizko guztien ikuspuntutik -aurrekontuaren zein alderdi akademikoaren, soziologikoaren eta ekonomikoaren aldetik- aztertuko duen beken behatokia martxan jartzea.
3. Europako goi-hezkuntzaren garrantzi sozialaren inguruko txostena
Goi-hezkuntzaren garrantzi soziala are nabarmenagoa bilakatuko da Europar Batasunaren Espainiako Presidentetza dela eta. Helburu hau EBren herrialde guztiek eta Goi-Hezkuntzako Europar Eremuak partekatzen dute, dakizuenez, guztira Europako 46 herrialde hartzen dituena, Erkidegokoak zein Erkidegotik kanpokoak izan.
Hona hemen garrantzi sozial horren bi ardatz nagusi: batetik, hezkuntza pertsona ororen eskura egon dadin lortzea, edozein dela bere errenta edo egoera soziala. Bestetik, unibertsitateen eta gizartearen arteko harremana areagotzea, goi-hezkuntzako erakundeen eta eragile ekonomiko, sozial eta politikoen arteko lankidetza sustatuz.
Horregatik guztiagatik, EBren Espainiako Presidentetzak Europar Batasunean goi-hezkuntzako komunitate bat garatzera bideratutako Ekintza-plana proposatuko du, justizia sozialean, kalitatean eta berdintasunean oinarritutakoa.
Ekintza-plan honek ondoko hau bultzatuko du:
Ekintza-plan honek hainbat jarduera sartuko ditu, esate baterako, Europa mailan koordinazio metodoa zabaltzea, EBren herrialde guztien arteko metodo irekia izango dena eta estatu bakoitzean ohikoak diren jardunbideak partekatzeko balioko duena. Gainera, Adituen taldeak eta Foroak eratuko dira unibertsitateen, elkarteen, enpresen eta sozietate zibileko erakundeen ordezkariekin. Horrez gain, Adituen talde horien ekarpenak eta jardunbide onak kontuan izanik Unibertsitateekin eta bere elkarteekin ekintza zuzenekoak bideratuko dira.
© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa