Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa - Espainiako Gobernua

Prentsa-oharra

Hezkuntza Ministerioak 0 eta 3 urtekoentzako hezkuntza plazak sortzeko 100 milioi euro inbertituko ditu Educa3 Planean 2010ean

2010eko martxoaren 30a

Ministro Kontseiluak, Ángel Gabilondo Hezkuntza ministroak proposatuta, 2010. urterako Educa3 Planari dagokion 100 milioi euroko diru-kopurua Autonomia Erkidegoen artean banatzea onartu du gaur.
Autonomia Erkidegoek kopuru bera jarriko dute, finantzaketa Hezkuntza Ministerioaren eta Autonomia Erkidegoen artean erdibana egingo dutelako.

Plan honen helburua 0 eta 3 urte bitartekoentzako kalitatezko hezkuntzako 300.000 plaza sortzea da 2008tik 2012ra. Educa3 Plana ezartzeari iaz ekin zitzaion eta, guztira, 1.087 milioi euroko inbertsioa beharko du 2008tik 2012ra.

Inbertsio hau haur-hezkuntzako eskola berriak eraikitzeko zein eskola berri horiek hartuko dituzten eraikinak egokitzeko edota handitzeko bideratutako proiektuetara zuzenduko da.
Educa3 Plana 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko eskari gero eta handiagoari erantzun emateko sortu da, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko familiek daukaten beharraren aurrean. Halaber, hezkuntza zentroen sare bat sortzea eskolatze goiztiarra sustatzeko Gobernuaren konpromisoarekin bat dator. Izan ere, eskolatze goiztiarra ezinbestekoa da ikasleek gerora emaitza onak lor ditzaten eskolan, azken hezkuntza ikerketen arabera, baita hasiera-hasieratik kalitatezko hezkuntza aukeran izan dezaten ere.

Educa3 hezkuntza eta gizarte arloetan Espainiako Gobernuak egindako apustu bat da, sistema malguagoa, denentzako aukera gehiago eskaintzen duena eta haurren, gazteen zein gurasoen beharrei egokitzeko modukoa lortzeko.

2009-2010eko ikasturte honetan hezkuntza-sistemako aurreneko aldi honetan eskolatutako haurrak 426.000 dira, aurreko ikasturtean baino %11 gehiago.

Kalitate konpromisoa

Haur-hezkuntzako zentroen sareari bultzada hau ematea LOEn bildutako kalitate eta berdintasun baldintzak ezartzearen ondorioa da, bai instalazioei dagokienez, bai 0 eta 3 urte bitarteko haurrei arreta zuzena egiten dieten profesionalen titulazioei begira.

Horrela, espazioak asmo hezigarriaz diseinatu eta antolatu beharko dira. Adinaren arabera desberdindutako eremuak izango dira eta indarreango legeriak eskatzen dituen baldintza higienikoak, akustikoak, bizigarritasunekoak, segurtasunekoak eta erabilerraztasunekoak bildu beharko ditu.

Era berean, zentroetan adin hauei arreta egiteko beharrezko den prestakuntza eta titulazioa duten profesional kopuru nahikoa egongo da, baita haur-hezkuntzako maisu tituludunen kopuru nahikoa ere.

100 MILIOI 2010erako

Aurtengo 100 milioiko diru-kopuruaren banaketa Hezkuntza eta Gizarte-Politikako Konferentzia Sektorialetan erabaki da jarraian azaltzen den legez:
 

Autonomia erkidegoa Kopurua
Guztizkoa 100.000.000 €
Andaluzia 20.441.561
Aragoi 3.020.662
Asturiasko Printzerria 1.788.365
Illes Balears 2.577.262
Kanariak 4.796.440
Kantabria 1.190.613
Gaztela eta Leon 5.040.282
Gaztela-Mantxa 5.097.809
Katalunia 17.420.144
Comunitat Valenciana 11.440.534
Extremadura 2.433.680
Galizia 5.276.696
Madrilgo Erkidegoa 14.825.787
Murtziako Eskualdea 3.933.491
Errioxa 716.674

 

 

© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa

W3C/WAI A bikoitza logotipoa (WCAG 1.0) Dokumentu hau XHTML 1.0 Strict baliozkoa da CSS dokumentu hau baliozkoa da Technositeren WCAG-WAI A Bikoitza Ikuskapen Zigilua RSS titularrak eskuragarri