Guztizko inbertsioa 1.200 milioi euro baino gehiagokoa izango da
Ministro Kontseiluak 2010-2011 ikasturterako Hezkuntza Ministerioaren beka eta diru-laguntzetarako errenta eta familia-ondare mugak ezartzen dituen Errege-Dekretua onetsi du. Horra hor Gobernuak hezkuntzaren dimentsio sozialaren zein zuzentasunaren eta aukera-berdintasunaren alde egindako apustua.
Horren erakusgarri ere bada, hain zuzen, beka deialdi honi dagokion hurrengo ikasturterako diru-laguntza %3,5 areagotu izana. Guztira, bada, 1.203 milioi euro esleitu da derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzako ikastaro guztietarako.
Gainera, iaz sortutako laguntzara zuzendutako aurrekontuko partida ere handitu egin da. Soldata-beka deritzon hau unibertsitateko ikasketetan bete-beteko arduraldian aritu behar dutenen diru-sarrera gabeziaren konpentsazio modura sortu zen. Hurrengo ikasturteari begira, Gobernuak beka mota hauetara 82 milioi euro gehiago zuzendu du. Horrez gain, familien errenta muga eguneratu eta % 2,6 igo du, soldata-igoera dela-eta onuradunik kanpo gera ez dadin. Azkenik, soldata-beka hauek goi-mailako heziketa zikloetako ikasleen eskura ere jarri ditu. Aldaketa hauen ondorioz, Hezkuntza Ministerioak diru-laguntza hauek mesedegarri izango dituzten ikasleen kopuruak % 285 gora egitea espero du.
Laguntza hauen onuradun izateko ezarritako eskakizunei dagokienez, Gobernuak 1. muga deritzona aldatu du, hau da, errentarik baxuenak dituzten familientzako muga. Muga hori % 2,6 igo du eta, honenbestez, 2008tik 2009rako hitzartutako soldata-igoeraren arabera ezarri beharreko areagotzea egin da. Hori ez ezik, familia-unitatearen landa- eta hiri-finken balio katastralen mugak % 1 doitu dira eta 2009-2010ean ezarritako familia-ondareko gainerako mugak bere horretan utzi dira.
Ministro Kontseiluak onetsitako neurrien helburua, beraz, zera da, eskakizunak betetzen dituzten herritar guztiek ikasten jarrai dezaten bermatzea, beka bat lortzea aurrekontuen eskuragarritasunaren menpeko ez den eskubidea den heinean.
© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa