Unibertsitatean Sartzeko Proba (PAU) berria arautzen duen Errege-Dekretuaren aldaketa bat onetsi du Gobernuak. Honen xedea ariketak egitean ikasle guztiek duten aukera-berdintasuna bermatzea da, alde batetik, eta araua osoki eta modu zuzenean ulerterazteko beharrezko diren xehetasunak argitzea, bestetik.
Gaur bertan onetsitako Errege-Dekretuak azaroaren 14ko 1892/2008 Errege-Dekretua aldatzen du, batetik, gradu mailako unibertsitateko irakaskuntza ofizialetarako sarbide baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetan sartzeko prozesuak arautzen dituena, eta bestetik, PAU berria martxan jartzen duena.
Oraindik aurrera, PAU berriaren fase espezifikoan, ikasleek lau irakasgairen gainean soilik egin ahal izango dute azterketa, probaren antolamendua erraztera begira. Gainera, fase espezifikoko eta fase orokorreko ariketetan baldintza berak ezarriko dira. Kasu bietan, ariketa bakoitzean bi aukera ezberdin eskainiko zaizkio ikasleari (bat aukeratu beharko du), eta honek, azterketa zentroa dagoen Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan erantzun ahal izango du.
Lehiakortasun egoerak saihesteko, ikasle guztiei aukera berak emango zaizkiela bermatzen da. Horrela, hurrengo ikasturtetik aurrera, Goi-mailako Lanbide Heziketako tituluak zein Arte Plastikoetan edo Kirol-irakaskuntzetan Goi-mailako Teknikari tituluak izateagatik unibertsitatera zuzenean sartzea dutenek fase espezifikora aurkezteko aukera izango dute nota hobetzeko, Batxilergoa egin berri duten ikasleek bezalaxe.
Era berean, nota lau puntu igotzeko aukera ematen duen fase espezifikorik ez zegoenean sarrera-probetara aurkeztu zirenen interesei kalterik ez egiteko sistema bat ezarri da. Egoera honetan dauden ikasleen kasuan, azterketa egin zuteneko bi irakasgai hartuko dira kontuan, gehienez (sartzeko eskaera egin duten tituluari dagozkion atxikitako materiekin bat etorriko dira derrigorrez). Hori horrela, bi irakasgai horietan lortu zituzten notei unean uneko fase espezifikoko haztapeneko parametroak ezarriko zaizkie zuzenean, azterketaren beharrik gabe. Aldi baterako neurria da hau, 2010-2011 ikasturteko sarrera-probetan soilik ezarriko baita.
Azkenik, areagotu egingo da bigarren zuzenketaren ostean azterketa ikusteko epea eta, oraindik aurrera, 10 egunekoa izango da (orain arte 5 egunekoa zen). Aldaketa hauekin unibertsitatera sartzeko eredu malgu berri bat ezartzea ziurtatzen da, ikasleen gaitasunak eta ahalegina aintzat hartu eta saritzen dituena eta kalifikazioei objektibitate handiagoa ematen dietena.
© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa