Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa - Espainiako Gobernua

Prentsa-oharra

Gobernuak onartu berri duen Errege-Dekretuaren bitartez Gastronomiako Errege Akademia nazio mailako eskubide publikoko erakunde bihurtu da

2010eko abuztuaren 20a

 

Ministro Kontseiluak, Ángel Gabilondo Hezkuntza ministroak proposatuta, Errege-Dekretu bat onartu du Gastronomiako Errege Akademia eskubide publikoko erakunde bihurtzeko. Honenbestez, Gastronomiako Errege Akademiak estatuko gainerako Errege Akademien maila bera izango du.

Halako erabakia hartu izana gastronomiak Espainiako gizartean eta ekonomian egun duen garrantziaren adierazgarri da. Batetik, bertan emandako lehen mailako prestakuntzak gizarte osoari mesede egiten dio sortzen dituen profesionalen bitartez. Bestetik, ikerketa eta berrikuntzaren aldeko ekintzak guztion ahaleginarekin egiteko erabakia hartzeak herritarrek oro har jan-ohitura osasungarriagoak eta egokiagoak izan ditzaten lagunduko du.

Ekonomiaren aldetik ere gastronomiak ezinbesteko ekarpena egiten dio hainbat ekoizpen sektoreri eta, horrez gain, lanpostuak sortzeko bide garrantzitsua ere bada. Turismoa, elikagaien ekoizpen eta banaketa, edota sukaldaritza-zerbitzuak horren adibide esanguratsuak dira.

Aipatu beharreko beste alderdi bat gastronomiak eta sukaldaritzak Espainiako lurralde bakoitzeko kultura ondarean duen garrantzia da. Izan ere, Espainiako gastronomia mota askotarikoa eta ezin aberatsagoa baita, tokiko sukaldaritza tradizionalaren zein egile-sukaldaritzaren kasu.

Espainiako Gastronomiako Errege Akademia irabazi-asmorik gabeko elkarte kultural gisa sortu zen 1980an. Gerora, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikora egokitu zen. Erregearen Etxeak Errege Akademiaren titulua eman zion 2008ko azaroaren 19an.

Azken finean, Gastronomiako Errege Akademia gisa eratu da gizartearen mesederako diren ekintzak bideratzen dituela onartu delako: sukaldaritzako artea eta Espainiako jarduera gastronomikoak ikertu, hobetu, zabaldu, sustatu eta babestea; herritarren jan-ohiturak hobetzea, gizentasuna prebenitzeko dieta osasungarri eta orekatuaren alde egitea; eta, azkenik, hezkuntza dietetikoa eta kultura gastronomikoa maila eta eremu guztietan sustatzea.

Gainera, aipatzekoa da Hezkuntza Ministerioarekin duen harreman administratiboaren bidezko lotura berezia.

Errege-Dekretuan ezarri da Errege Akademia eskubide publikoko erakunde gisa eratu dela; bertan adierazi dira, baita ere, Errege Akademiaren Estatutuak, 29 artikuluz osatutakoak. Erakundearen Goi Patronatua Erregeari egokitu zaio.

 

© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa

W3C/WAI A bikoitza logotipoa (WCAG 1.0) Dokumentu hau XHTML 1.0 Strict baliozkoa da CSS dokumentu hau baliozkoa da Technositeren WCAG-WAI A Bikoitza Ikuskapen Zigilua RSS titularrak eskuragarri